2012-09-17

Kilometroak Andoainen, Urriaren 7an, Kantujira.

Datorren urriaren 7an, Andoainen ospatuko dira aurtengo Kilometroak. Euskal Herria Kantuz sarearekin elkarlanean, KANTUJIRA berezia antolatu dute egitarauan.
Horrela, goizeko 11:30ean, Martin Ugalde kultur parkean emango zaio bertako Kantu-jirari. Ibilbidean kantuan aritu ondoren, eguerdiko 14:00etan amaituko da hasitako leku berean.
Besterik gabe, gonbitea luzatuta dago.. urriaren 7an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean... Kantu-jira.

Urretxuko jaietan ZU ere Kantari!!!

Bai horixe, Urretxuko jaietan kantari ikusi nahi zaituegu...
Euskal Jaia egunean, irailaren 23an, eguerdian izango dugu kantuan aritzeko lehen saioa, Iparragirre kalean.
Astelehenean berriz urteroko hitzordua, hau da, Abenidako Kantu-Afaria. Aurtengoa berezia izango da, gure kidea, musikaria eta kantuzalea Joxemari joan zitzaigun, hala ere... bere bidea jarraitu eta inoiz baino ozenago kantatuko ditugu bere gustoko abestiak. 
ZU Kantari kideak oholtza gainean ikusi nahi ditugu kantuan... hor duzue gonbitea... zatozte Kantari!!!.

2012-06-21

Zumarragako jaiak hasteko KANTUJIRA

Hurrengo KANTUJIRA: Zumarragako jaietan, ekainaren 29an, ostirala, arratsaldeko 19:30ean Iburreta tabernan dagoen plazatxoan.
Ordu erdi bat lehenago (egitarauan 20:00etan jarrita dago), mokadu txiki bat jan, eztarriak busti eta kantuz berotzeko aukera izango dugu.
Zumarragako jaiak alaitasunez hasteko modu atsegin bat, zatoz kantari gurekin!
*oharra: etxean dituzuen kantu-liburuxkak atera, denentzako ez ditugu izango eta.

2012-04-20

KANTU AFARIA datorren apirilaren 30ean, Jai Alai jatetxean.


Lorea Intxaurrandietak (bere bikotearekin), berak sortutako kantu batzuk eskainiko dizkigu.
Bestetik, gure kantu liburuxkan dauden kantuak abesteko aukera ere eskainiko digu.
Beraz, animatu eta lekua mugatua denez, azkar ibili izena ematerakoan.
Animatu,.. giro bikaina izango dugu bertan!!.

2012-01-31

ZU Kantari sagardotegian

Otsailaren 11an, larunbata, Hernaniko sagardotegi batera joateko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Deialdia irekia da edonorrentzako. Urretxu-Zumarragatik eguerdian irten eta bazkaltzera joango gara sagardotegira. Bazkalondoren txotxaren inguruan, kantuan eta dantzan aritzeko aukera izango dugu, eta handik irtenda Hernaniko kaleetan ere bai. Beraz, animatu. Izena emateko azken eguna: otsailaren 5a.

Euskal Herria Kantuz sarea martxan


Urtarrilaren 27an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean elkartu ziren Euskal Herriko kantu taldeen ordezkariak. Bertan EH Kantuz blog berria aurkeztu zen. Proposamenen artean honako gaiak aztertu ziren:
- maiatzaren 20an Kantujira bateratu bat egitea, aurtengo honetan Iruñean egitea proposatu zen.
- Kantujira bateratu horretan, diru-bilketa egin, eta dirua behar duten Nafarroako ikastola bati eskaintzea.
- EH Kantuz dinamika zer den erakusteko DVD bat egitea. Bertan kantujira irudiak, erreportaia eta kantu liburuxka bat txertatzea komentatu zen.
Aurrera begira blogak koordinatzeko aukera emango digu, tartean albistegia eta agenda bateratu bat aurkitzen direlako.